HIREKINek Euskal Enplegu Foroaren sorreran parte hartu du

Uztailaren 16an egin zen Euskal Enplegu Foroaren osoko bilkura eratzailea. Ekimena Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Enpleguko Sailburuordetzaren bidez, sustatu du, eta enpleguaren arloko 42 eragilek osatzen dute. Horien artean dago HIREKIN ere.

Foroaren helburua da enpleguaren ekosistemako eragileen arteko harremanak indartzea, ezagutza kolektiboa aktibatzea eta lankidetza eraginkorra ahalbidetuko duten lan-espazio operatiboak sortzea. Era berean, enplegu-politiken garapenean gobernantza parte-hartzaileagoa eta koordinatuagoa sustatu nahi da.

Bilkuran Foroaren helburuak, funtzionamendua eta datozen hilabeteetarako lan-ildo nagusiak aurkeztu ziren. Amaieran, parte-hartze dinamika bat egin zen, eta bertan erakunde parte-hartzaileek lehentasunezkotzat jotzen dituzten gaiak eta erronkak partekatu zituzten, etorkizuneko lankidetza-agenda bateratuaren oinarriak ezarriz.

Foro honetan parte hartzearekin, HIREKINek enpleguaren arloko eragileen arteko lankidetza, berrikuntza soziala eta Euskadin enplegu-aukerak eta laneratzea hobetzeko ekimen partekatuak sustatzeko duen konpromisoa berretsi du.