Joan den irailaren 8an, HIREKINek lan-bilera egin zuen Enplegu eta Inklusioko Sailburuordetzarekin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin, sareko erakundeentzat interesgarriak diren prestakuntza, laguntza eta araudi-garapeneko hainbat gai aztertzeko.
Topaketan, besteak beste, Lanbide Heziketako eredu integratuaren garapena, enpleguarekin eta gizarteratze eta laneratzearekin lotutako hurrengo deialdiak eta araudi-berrikuntzak landu ziren, HIREKINen eta Administrazioaren arteko solaskidetza indartuz.
Joan den irailaren 8an, HIREKINeko ordezkariek lan-bilera egin zuten Enplegu eta Inklusioko Sailburuordetzarekin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin, sareko erakundeentzat interesgarriak diren hainbat gai aztertzeko, bereziki enplegurako prestakuntzari, laguntza-deialdiei eta datozen hilabeteetarako aurreikusitako araudi-garapenari lotutakoak.
Bileran, Lanbide Heziketako eredu integratuaren garapenaren aurreikuspenak aztertu ziren, bereziki C Graduak emateko erakundeen baimen-prozedurari dagokionez. Halaber, 2027ko azken hiruhilekorako aurreikusita dagoen eta bi urteko indarraldia izango duen prestakuntza-deialdi berriari buruzko aurreikuspenak partekatu ziren, baita zorroko zerbitzu batean ituntze-ereduaren lehen esperientzia bat martxan jartzeko aukerari buruzkoak ere.
Topaketak aukera eman zuen, halaber, enpleguarekin, gizarteratze eta laneratzearekin eta prestakuntzarekin lotutako hainbat laguntza-deialdiren jarraipena egiteko, bai eta atzerritarren erregularizazio-prozesuekin lotutako laguntza-ildo berrien aurreikuspenak ezagutzeko ere. Horrez gain, Lanbidek enplegu-agentziekin izango dituen akordioei eta Euskal Enplegu Sarearen etorkizuneko zerbitzu-zorroari lotutako araudiaren garapena aztertu zen.
Topaketa hau HIREKINek bere erakundeentzat estrategikoak diren esparruetan egiten duen solaskidetza- eta jarraipen-lanaren barruan kokatzen da, sareko erakundeen beharrak eta proposamenak helaraziz eta administrazio eskudunekin elkarrizketa- eta lankidetza-guneak sustatuz.