“Nuevo Futuro Araba erakundean uste dugu haur edo nerabe batek ere ez lukeela hazi behar maitasunik, babesik eta aukerarik gabe. 1968tik, Espainian etxebizitza txikien ereduan aitzindari izanik, beren familiekin bizi ezin diren adingabeei etxe bero eta seguruak eskaintzeko lan egiten dugu, beren bizi-proiektua berreraikitzen lagunduz.”
1.Esango al diguzue nola sortu zen erakundea eta zein ibilbide izan duen urte hauetan zehar?
Nuevo Futuro izeneko Familia Girotik Kanpo dauden Haurrentzako Elkarte Nazionala 1968an sortu zen, egoera zaurgarrian dauden haur eta nerabeen bizi-kalitatea hobetzeko konpromisoa zuen pertsona talde baten ekimenez. Bereziki, arrazoi desberdinengatik familia-ingurunean hazi ezin diren haurrei zuzenduta jaio zen. 1972an onura publikoko erakundetzat aitortu zuten.
Hasieratik, erakundearen helburu nagusia izan da artatutako adingabeei ingurune seguru, egonkor eta babeslea eskaintzea, haien garapen integrala sustatzeko. Urteen poderioz, erakundea gizartearen beharretara egokitzen joan da, harrera- eta arreta soziohezitzaileko baliabide desberdinak sendotuz, betiere administrazio publikoekin, gizarte-erakundeekin eta gizarte-esku-hartzearen arloko profesionalekin lankidetzan.
Bere ibilbideko mugarri nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira:
- 1968: Madrilen lehen etxebizitza ireki zen. Harrera ona izan zuenez, eredua pixkanaka Estatuko hainbat probintziatara zabaldu zen.
- 1988: hirugarren graduan zeuden eta 3 urtetik beherako seme-alabak zituzten emakume presoentzako lehen unitate independentea jarri zen martxan.
- 1989: Nuevo Futuroren etxebizitza-eredua Europako Parlamentuan aurkeztu zen, babesgabetasun egoeran zeuden haurren arretarako erreferentzia gisa gomendatua izan zelarik.
- 1993: Espainiatik kanpoko lehen etxebizitza ireki zen Bogotan (Kolonbia), nazioarteko hedapenari hasiera emanez. Ondoren, Peru eta Portugalen ere hedatu zen. Gaur egun, erakundeak etxebizitzak ditu Kolonbian, Portugalen, Perun eta São Tomé eta Príncipen.
- 1997: osasun mentaleko arazo larriak zituzten haur eta nerabeentzako baliabide espezifikoa sortu zen (Sirio Proiektua), ikuspegi terapeutiko integralarekin, arreta psikologiko eta psikiatrikoa uztartuz.
- 2005: gizarte-bazterketa arriskuan zeuden haurrei zuzendutako lehen eguneko zentroa ireki zen.
- 2011: helduarorako trantsizio-programa sustatu zen, adin nagusitasunera iristean jatorrizko familiara itzuli ezin ziren gazteei zuzenduta.
- 2015: hezkuntza-indartzeko programa sortu zen, adingabeen eskola-garapena sustatzeko.
- 2016: familia-sarerik eta baliabide ekonomikorik gabeko tutoretzapetik ateratako gazteentzako lehen emantzipazio-etxebizitza ireki zen.
- 2023: desgaitasun intelektuala duten gazteentzako lehen etxebizitza eta familia-harrerako familientzako eguneko zentro bat sortu ziren.
Gaur arte, Nuevo Futurok 15.000 haur eta nerabe baino gehiagori eman die arreta, 240 etxebizitza eta harrera-zentro baino gehiago eskainiz.
Testuinguru horretan, Nuevo Futuro Álava 1979an sortu zen, Arabako haur zaurgarrienen alde konprometitutako pertsona talde baten ekimenez. Urte berean ireki zen lehen etxebizitza Sansomendi auzoan, hasiera batean familiarekin bizi ezin ziren sei anai-arreba hartzeko.
Ordutik, erakundearen ardatz nagusia izan da etxebizitzak ingurune seguru eta babesle gisa ulertzea, bertan haur eta nerabeei zaintza, arreta eta tratu ona bermatuz.
Berrogei urte baino gehiagoko ibilbidean, Nuevo Futuro Álavak hazkunde progresiboa eta profesionalizazio gero eta handiagoa izan ditu, bere izaera galdu gabe. Bere ikuspegian jasotzen den bezala, helburua da haur eta gazteei beren bizi-proiektuan arreta, heziketa eta laguntza eskaintzea, etxebizitza txikietan, familia- eta gizarte-sareak sustatuz eta babes-sistema eraldatuko duten esku-hartze eredu berritzaileak garatuz.
1992tik aurrera, modu egonkorrean lankidetzan aritzen da Arabako Foru Ongizate Institutuarekin, hitzarmen eta kontratuen bidez egoitza-baliabideak kudeatzeko.
Azken batean, bai estatu mailan bai Arabako eremuan, Nuevo Futurok babesaren, tratu onaren eta eskubideen bermearen aldeko ibilbide koherentea mantendu du, gizarte-aldaketetara egokituz eta baliabide gero eta espezializatuagoak garatuz haur eta gazte zaurgarrienen beharrei erantzuteko.
Erakundeak Fundación Lealtad fundazioaren akreditazioa du, gardentasunarekin eta kudeaketa onarekin duen konpromisoa egiaztatzen duena.
Halaber, ISO 9001 arauaren araberako kalitate-kudeaketako sistema ziurtatua dauka, esku-hartze soziohezitzailean estandar zorrotzak betetzen dituena. Era berean, 2025eko azaroan FCM 200 ziurtagiria lortu zuen, bikaintasunarekin eta etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa indartuz.
Azken finean, Nuevo Futuroren ibilbideak etengabeko bilakaera erakusten du, betiere egoera zaurgarrian dauden haur eta nerabeen oinarrizko eskubideak, ongizatea eta garapen integrala bermatzeko helburuari eutsiz.
2.Gaur egun, zeiuntzuk dira garatzen ari zareten proiektuak? Ezagutza eta ikaskuntzak
Gaur egun, hainbat proiektu eta programa garatzen ari gara egoitza-harreran dauden haur eta gazteei arreta, laguntza eta garapen integrala eskaintzera bideratuta. Horien artean, honako hauek nabarmendu nahi ditugu:
- Oinarrizko egoitza-harrerako programa: Gaur egun, 3 etxebizitza kudeatzen ditugu, eta bertan 3 eta 18 urte bitarteko 23 haur eta neraberi eskaintzen zaie arreta. Familia-inguruabarrek direla medio eta aldi baterako, ezin dute beren familiekin bizi. Etxebizitzetan arreta integrala eskaintzen da, haien bizitzako arlo guztietan esku hartuz: hezkuntza, familia, osasuna, komunitatea eta abar, tratu onaren bermatzaile den ingurune seguru eta babesle bat eskainiz.
- “Aukera” helduarorako trantsizio programa: Programa honek esku-hartze psiko-sozio-hezitzailea eskaintzen du, nerabe eta gazteen garapen integralera bideratua. Bereziki lantzen dira eguneroko bizitzarako trebetasunak, autonomia pertsonala eta adin nagusitasuna lortzean gizarteratze eta laneratze egokia errazteko.
Azken helburua sozializazioa eta normalizazioa dira, autonomia-prozesua abiatzeko oinarri gisa. Horretarako, lan pertsonalizatua egiten da nerabe eta gazteen garapen eta hazkunde pertsonala sustatzeko, bereziki haien historia eta bizipenengatik sortutako gabeziak gainditzen laguntzeko honako arloetan:
- familia,
- emozioak,
- gizarte-trebetasunak eta autozaintza,
- prestakuntza,
- lan arloa,
- eta gizarte-esparrua.
Halaber, ahal den neurrian, gizarte-prestazioak bizi-proiektuaren ardatz bihurtzea saihestu nahi da.
Programa autonomia sustatzeko laguntza intentsibo gisa egituratzen da, hiru azpiprogramaren bidez:
• Emantzipaziorako prestaketa-etxebizitza: 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, familia-berrelkartzeko aurreikuspenik ez dutenean. Helburua da ingurune seguru, babesle eta normalizatzaile batean gutxieneko gaitasun eta trebetasunak garatzea honako arloetan:
- pertsonala,
- familiarra,
- komunitarioa,
- hezkuntza eta prestakuntza,
- lan arloa,
- etxebizitza,
- osasuna,
- eta arlo juridiko-administratiboa,
autonomia-maila jakin bat lortzeko eta gizarteratzea errazteko.
• Emantzipazio-etxebizitza: 16 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendua. Helburua da gaztea bizitza autonomorako prestatzea, garapen integral eta normalizatzailea sustatuz. Horretarako, autokudeaketa erregimenean funtzionatzen duen ingurune seguru eta babeslea eskaintzen da, independentziarako beharrezko trebetasunak garatzeko.
• HEGAN bizitza independenterako laguntza programa: 18 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago. Gazte horiek babes-sistematik igaro ondoren, laguntza eta tutoretza osagarria behar dute autonomia-prozesuan aurrera egiteko.
Proiektu eta programa horien guztien helburua da parte-hartzaileen autonomia, gizarteratzea eta ongizatea sustatzea.
Exkerretik eskimara: Adrian ( Etxabarri Zentroaren Zuzendaria), Carlos Albaina (Zuzendari Orokorra), Carlos-Amparo ( Aukera Programaren Zuzendaria)
Final del formulario
3.Etorkizunari begira, zein dira epe laburr-ertainean (5 urte) identifikatzen dituzuen erronka nagusiak?
Datozen urteetara begira, hainbat erronka estrategiko nagusi identifikatu ditugu:
- Babesaren esparruan esku-hartze soziohezitzaileko ereduetan berrikuntzan aurrera egitea, familia-ingurune seguru eta babesle batetik abiatuta, metodologia eguneratuak eta tresna digitalak txertatuz.
- Gazteen emantzipazio-prozesuak indartzea, bizitza autonomoa garatzeko behar dituzten baliabide eta laguntzak bermatuz.
- Familia-harrera sustatzea egoitza-harreratik abiatuta.
- Haur eta gazteen behar eta eskaerei erantzutea, baliabide berriak sortuz, hala nola tutoretzapetik ateratako gazteentzako etxebizitzak eta etxeak.
- Gizarte-errealitate berrietara egokitzea, besteak beste kultur aniztasunaren hazkundera eta zaurgarritasun modu berrietara.
- Profesional kualifikatuak erakartzea eta fidelizatzea, gero eta espezializazio handiagoa eskatzen duen gizarte-lanaren testuinguruan.
- Jasangarritasun ekonomikoa eta hirugarren sektorearen sendotzea bermatzea, proiektuen epe luzeko bideragarritasuna ziurtatuz.
- Gure lanaren kalitatea bermatuko duten kudeaketa-eredu berrietan aurrera egitea.
Erronka horiei erantzuteko, ezinbestekoa izango da administrazioekin, beste erakunde batzuekin eta gizarte osoarekin elkarlanean lanean jarraitzea.
4. Zer ematen dizue Gizardatz -ko kide izateak?
AISA sortu zenetik, Nuevo Futuro Álava elkartearen parte da. AISAko kide izateak aukera ematen die gizarteratze eta inklusio sozialaren arloko erakundeei barrutik sendotzeko eta sektorearen baitan duten kokapena indartzeko.
Elkarte honetako partaide izateak ahots kolektibo bat izatea ahalbidetzen du; horrek beste eragile batzuekiko elkarrizketa eta harremanak errazten ditu, eta gizarte-ekintzaren sektorearen aitortza eta duintzea sustatzen laguntzen du.
AISAko kide izateak onura estrategiko, antolakuntzazko eta profesional ugari eskaintzen dizkie inklusio sozialaren arloko erakundeei.
Sarean lan egiteko aukera ematen digu, jardunbide egokiak partekatzeko, ezagutza trukatzeko eta erronka komunei modu bateratuan erantzuteko. Horrek lankidetza eta elkarren arteko ikaskuntza sustatzeko espazioak sortzen ditu.
Era berean, AISAk aholkularitza espezializatua eskaintzen digu funtsezko gaietan, hala nola:
- lan-harremanetan,
- erakundeen kudeaketan,
- estrategian,
- eta sektoreko araudi-aldaketetan.
Laguntza horri esker, erakundeek erabaki informatuagoak hartu ditzakete, aldaketetara hobeto egokitu eta beren esku-hartze sozialaren kalitatea indartu.
Azken batean, AISAko kide izateak erakundeei indar kolektiboa, ezagutza eta laguntza teknikoa ematen dizkie; horrek guztiak aukera handiagoa eskaintzen du erronka komunei aurre egiteko eta esku-hartze sozial sendoago, koordinatuago eta eraginkorrago baterantz aurrera egiteko.