Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko Estrategia berriaren aurrerapenak aurkeztu ditu

Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak (ELKAR HITZ) osoko bilkura egin du aste honetan Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, Vitoria-Gasteizen. Bertan, Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko Estrategia berriaren (EPTSSE) aurrerapenak aurkeztu dira.

Topaketan Hirugarren Sektore Sozialeko hainbat erakundetako ordezkariek parte hartu dute, besteak beste, Sareen Sarea, Hirukide, EAPN, Elkartean eta Harresiak Apurtuz erakundeetakoek. Halaber, Eusko Jaurlaritzako hainbat arduradun instituzional bertaratu dira: Nerea Melgosa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua; Iván Larraza Vila, Ongizateko sailburuordea; eta Begoña Besada, Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko eta Ekintza Komunitarioko zuzendari berria.

Bilkuran, halaber, Hirugarren Sektore Sozialari zuzendutako laguntzen deialdia eta Adinekoekiko Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien 2026ko Sariaren deialdia landu dira. Azken horren helburua da adinekoen bizi-kalitatea hobetzen duten eta ingurune irisgarriagoak, inklusiboagoak eta lagunkoiagoak sustatzen dituzten ekimenak aitortzea.

Elkarrizketarako gune honek Euskadiko erakunde publikoen eta Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen arteko lankidetza indartzen laguntzen jarraitzen du.