

Esango al diguzue nola sortu zen erakundea eta zein ibilbide izan duen urte hauetan zehar?
Fundación Eguzkilore 2013an sortu zen, Cáritas Diocesana de Bilbao-k bultzatuta, uste sendo batekin: gizarteratze-prozesuak ez dira sendotzen etxebizitzarik gabe, norberarena sentitzen den etxerik gabe.
Gure izena, Eguzkilore, ez da kasualitatea; Euskal Herrian tradizioz etxeak espiritu gaiztoetatik babesten dituen karduaren lorea da, eta hori da, hain zuzen ere, gure xedea: etxebizitza duinerako eskubide eraginkorra bermatzea.
Gaur egun, merkatu libreak ateak ixten dituen tokian etxebizitza soziala eskaintzen dugu, eta Bizkaian parke egonkor bat kudeatzen dugu; administrazio publikoekin, parrokiakin eta hirugarren sektoreko erakundeekin elkarlanean, krisi ekonomikoengatik, langabeziagatik edo bazterketagatik inor etxerik gabe gera ez dadin.

Gaur egun, zeiuntzuk dira garatzen ari zareten proiektuak?
Ezagutza eta ikaskuntzak
Eguzkilore Fundazioa-ren jarduera hiru ardatz nagusiren inguruan egituratzen da, etxebizitza-larrialdiari erantzuna emateko helburuz:
- Etxebizitza Programa: Gure fundazioaren bihotza da. 2025ean 123 etxebizitza kudeatu ditugu (alokairu osoan zein logelaka), eta horietan 329 pertsona bizi izan dira zuzenean.
Hirugarren sektoreko beste erakunde batzuei alokatutako etxebizitzak gehituz gero, guztira 530 pertsonarengana iritsi gara. Guk arduratzen gara kontratuak prestatzeaz eta dokumentazioa errazteaz, etxebizitzen egokitzapenaz eta mantentze-lanez, bizilagun arteko bitartekaritzaz, horniduren kudeaketaz, eta abarrez; betiere eskuz esku lanean arituz gizarte-erakundeekin eta/edo laguntza soziala ematen duten administrazioekin. - Adingabeentzako eta Emantzipaziorako Etxeak: 2016az geroztik, Bizkaiko Foru Aldundiaren babes-sarearen barruan, hiru adingabe-etxe eta emantzipaziorako etxebizitza bat kudeatzen ditugu, gazteei helduarorako bidean lagunduz.
- Errefuxiatuei Harrera: Ukrainako krisi humanitarioari eta nazioarteko beste larrialdiei erantzunez, Derioko seminarioan dagoen Eguzkilore egoitza kudeatzen dugu. 2025ean, baliabide hau aldi baterako etxea izan da 233 pertsonarentzat, nazionalitate ezberdinetakoak (Mali, Venezuela edo Kolonbia, besteak beste), babes eta duintasun gune bat eskainiz.

Etorkizunari begira, zein dira epe laburr-ertainean (5 urte) identifikatzen dituzuen erronka nagusiak?
Gure erronka nagusia jasangarritasun ekonomikoa eta “Housing Association” ereduaren sendotzea da Euskadin.
Hirugarren Sektoreak etxebizitza eskuragarriaren kudeatzaile gisa protagonismo handiagoa izatea nahi dugu, askotan kolektibo ahulenetara iristen ez diren etxebizitza-politika orokorrek baino irtenbide malguago eta azkarragoak eskainiz.
Gainera, gero eta etsaiagoa den higiezinen merkatu baten erronkari egin behar diogu aurre. Horregatik, etxebizitza lagatzen dutenen sarea zabaltzea eta tokiko administrazioekin dugun lankidetza indartzea bilatzen dugu.
Helburua da etxebizitza oztopo izatetik eskubide eraginkor izatera igarotzea, eta aktiboki parte hartzea Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala 2022-2036 bezalako esparruetan.
Zer ematen dizue Gizardatz -ko kide izateak?
Eguzkilorentzat, sareko lana printzipio ukaezina da.
Gizardatz-en parte izateak koherentzia eta zorroztasuna ematen dizkigu Bizkaiko Hirugarren Sektore Soziala indartzeko, eta ikaskuntza partekatuetarako gune bat eskaintzen digu.
Beste erakunde batzuekin batera aritzeak administrazio publikoen aurrean presentzia sendoagoa eta aldarrikatzaileagoa izatea ahalbidetzen digu.
Uste dugu batasunak aukera hobean kokatzen gaituela irabazi-asmoa duten eragileekin lehiatzeko, eta etxebizitza gizarte-justiziaren erdigunean jarriko duten politika publikoen diseinuan eragiteko.