Sareen Sareak 200 lagun baino gehiago bildu ditu lankidetza publiko-soziala lantzeko jardunaldi batean
Urtarrilaren 30ean, Sareen Sareak jardunaldi bat antolatu zuen Bizkaia Aretoan, eta 200 lagun baino gehiago bildu zituen. Bertan izan ziren hiru lurraldeetako erakunde autonomiko, foral eta tokiko ordezkariak, baita Hirugarren Sektoreko sare eta erakundeetako kideak ere. Topaketaren ardatza izan ziren gizarte- eta osasun-arloan dauden kontzertuak, hitzarmenak eta lankidetzarako bestelako formulak. Bereziki azpimarratu zen arreta eta zerbitzu horiei lotutako eskubideak bermatzeko esparru egonkorrak eta segurtasun juridikoa izatearen beharra.

Sareen Sareko presidente Celia Gómezek ireki zuen saioa, eta nabarmendu zuen sektoreak egonkortasuna behar duela proiektu eta zerbitzuei jarraipena eman ahal izateko. Ildo beretik, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa adierazi zuen lankidetza-formula arinagoen alde, arreta kalitatea eta gobernantza partekatua ardatz hartuta.
Maila teknikoan, Martí Rius irakasleak (Garrigues – Deustuko Unibertsitatea) defendatu zuen kontratu bidezkoak ez diren tresnen bideragarritasun juridikoa, eta adierazi zuen kontratazio publiko tradizionala ez dela beti egokitzen pertsonentzako zerbitzuen berezitasunera. Azaldu zuenez, kontzertu eta hitzarmenek, Europako esparru juridikoan kokatuta, zerbitzuen jarraitutasun eta egokitzapen handiagoa ahalbidetzen dute.
Hirekinek, jardunaldiaren sustatzaile izan den kontzertazio sozialeko batzordean parte hartzen du, eta beste autonomia-erkidego batzuetan —hala nola Balearretan, Aragoin eta Nafarroan— garatutako kontzertazio sozialeko ereduei buruzko esperientzien mahai-ingurua moderatu zuen. Bertan, finantza-egonkortasunari, profesionalizazioari eta lurralde-kohesioari lotutako ikaskuntzak partekatu ziren.
Topaketa amaitzeko, beste erkidego batzuetako esperientziek ekarritako kontraste eta ikaskuntzen argitan egindako aurrerapen normatiboei buruzko hausnarketa egin zen. Ondorio nagusia argia izan zen: Euskadin eraiki nahi den lankidetza publiko-sozialaren eredua zehaztearen garrantzia.