“AGIPAD (Droga Abusuaren Ikerketa eta Prebentziorako Gipuzkoako Elkartea) 1980an sortutako onura publikoko eta irabazi-asmorik gabeko erakundea da. Bere jarduera drogen kontsumo problematikoen ikerketan, prebentzioan eta arretan oinarritzen da, baita kontsumo horiek eragindako edo eragin ditzaketen pertsonen tratamenduan eta gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonen laguntzan ere. Horretarako, profesionalen, bazkideen eta boluntarioen babesa du, eta erakunde publikoekin eta komunitateko baliabideekin elkarlanean aritzen da.”
Esango al diguzue nola sortu zen erakundea eta zein izan den urte hauetan zehar egin duen ibilbidea?
Gipuzkoako Droga Abusuaren Ikerketa eta Prebentziorako Elkartea (AGIPAD) 1980an sortu zen. Garai hartan jada larria zen eta gizartean alarma-giroa sortzen ari zen arazo bati aurre egiteko baliabide faltarekin kezkatuta zeuden hainbat familiak bultzatu zuten elkartea: drogen kontsumoaren etengabeko gorakada, orduan ia erabat heroinaren kontsumoari lotuta zegoena.
AGIPAD hilabete gutxiren buruan eratu zen. Duela 46 urte, sortzaileen artean drogamenpekotasun-arazoak zituzten pertsonen amak eta aitak zeuden. Medikuntzako eta psikologiako profesionalak ere bazeuden, baita proiektua aurrera ateratzeko ahalegin izugarria egin zuten beste pertsona konprometitu asko ere.
Pertsona askorentzat, AGIPAD izan zen hitz egiteko eta erantzun bat jasotzeko aukera izan zuten lehen lekua. Hasiera-hasieratik argi izan zuten arreta profesionala eskaini behar zela, zerbitzu publikorako bokazioarekin eta garai hartan eratzen ari zen sare soziosanitarioan integratuta.
Gaur egun, zein proiektu ari zarete garatzen? Ezagutza eta ikaskuntzak

AGIPADek gaur egun eskaintzen dituen programa eta zerbitzuek hasierako lan-ildo haietan dute jatorria. Garai hartan, Elkarteko profesional-taldea osatzen ari zen, «dena egiteko zegoen» esparru batean. Ordurako prebentzio-lana egiten zen, eta drogamenpekotasuna zuten pertsonei zein haien familiei arreta anbulatorioa eskaintzen zitzaien. Bi urte geroago, Haize-Gain Komunitate Terapeutikoa sortu zen, Euskal Herriko zaharrena.
Urte hauetan guztietan, gure programak eta zerbitzuak egokitzen joan gara, garai bakoitzeko beharretara eta mendekotasun-arazoak dituzten pertsonen profiletara moldatuz. Gaur egun, 10 programa espezializatu baino gehiago ditugu.

Donostiako egoitza nagusian, Harrera Unitateak jasotzen ditugun eskaera guztiak baloratzen ditu. Bertan eskaintzen dira, halaber, Tratamendu Anbulatorioko Zerbitzua, alkohol-kontsumorako tratamendu espezifikoa eta Familia Esku-hartzerako Zerbitzua. Egoitzan Abstinentzia Programa ere badugu. Programa horrek prozesuan zehar laguntza eta jarraipena eskaintzen ditu, arreta indibidualizatuaren, programatutako analisien eta arriskuen murrizketaren bidez. Horrez gain, Eguneko Zentro Soziosanitarioak, lehen balorazio baten ondoren, pertsona bakoitzari egokitutako tratamendu intentsiboa eskaintzen du, banakako eta taldeko terapien eta hezkuntza-tailerren bidez.
Haize-Gain Komunitate Terapeutikoak lau hamarkada baino gehiago daramatza martxan. 2007an, Haurtxoak Egoitza Zentroa ireki genuen, gizarte-bazterketako egoeran dauden emakume haurdunentzat edo seme-alaba txikiak dituzten emakumeentzat.
AGIPADeko Ikerketa eta Prebentzio Zerbitzuak prestakuntza eta aholkularitza eskaintzen ditu, Gipuzkoako hainbat gizarte-eragile eta erakunderekin koordinatuta.
Era berean, Gipuzkoako Espetxean (Zubieta) ere eskaintzen dugu arreta, eta espetxean sartzearen ordezko neurriak betetzeko programa bat dugu.
ERDU Programa mendekotasun-arazoak izan eta ohiko tratamendu bati jarraitzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzenduta dago: etxerik gabeko pertsonei, gizarte-bazterketako egoeran dauden migratzaileei, zaurgarritasun handiko egoeretan dauden emakumeei eta abarri.
Gainera, aurten Chemsex-ari arreta emateko programa bat martxan jartzen hasi gara. Programa horrek arreta integrala eskaintzen du, harrera eta orientazioa, kalteen murrizketa eta laguntza psikologikoa eta sexologikoa uztartuz. Horretarako, arlo horretan lan egiten duten erakunde eta baliabideekin koordinatuta jarduten dugu.
Etorkizunari begira, zein dira epe labur eta ertainean (datozen bost urteetan) aurreikusten dituzuen erronka nagusiak?
Mendekotasunen arloan gertatzen ari diren aldaketetara eta horiek ingurunean eragiten dituzten arazoetara etengabe egokitzea da gure erronka nagusietako bat. Droga berriek eta mendekotasun mota berriek, hala nola jokoarekiko edo pantailekiko mendekotasunak, etengabe egokitzera garamatzate.
Lan-prozesuen digitalizazioa eta optimizazioa, baita araudi-eskakizun berrietara egokitzea ere, etorkizunera begira aldaketa garrantzitsuak dakartzaten erronkak dira.
Azkenik, mendekotasun orok osasun mentalarekin lotutako arazoak dakartza, eta ezin ditugu bi alderdi horiek bereizita tratatu. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu osasun-arloko profesionalekin batera etengabeko prestakuntza jasotzea
Zer ekarpen egiten dizue GIZARDATZeko kide izateak?
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hirugarren sektore sozialeko erakundeak biltzen dituen sare honetako kide izateak gure lurraldetik harago begiratzeko aukera ematen digu. Gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonekin lan egiten duten erakundeekin esperientziak, jardunbide egokiak eta kezkak partekatzen ditugu. Lotura horiek gure arteko koordinazioa hobetzen dute, eta erakunde bakoitzak bere jardun-eremutik sustatzen dituen interes komunen defentsa indartzen dute.
Euskal administrazio publikoen aurrean ahots bakarrez jarduteak indar handiagoa ematen digu, sektorearen eta artatzen ditugun pertsonen beharrak helarazteko. Ia bost hamarkadako ibilbidea duen AGIPAD bezalako erakunde batentzat, ikasten jarraitzeko eta gure esperientzia beste erakunde batzuekin partekatzeko modu bat ere bada.
