HIREKINek Kontratazio Publikoaren Behatokiaren aurrerapenak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzari

Ekainaren 23an, HIREKINeko ordezkariek bilera egin zuten Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuarekin, Iván Larraza Ongizateko sailburuordearekin eta Itziar de la Peña Hirugarren Sektore Sozialaren eta Komunitate Ekintzaren Sustapenerako zuzendariarekin, guztiak Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Saileko ordezkariak.

Bileran, sareko erakundeek Kontratazio Publikoaren Behatokia lan-taldearen baitan egiten ari diren lanaren aurrerapenak aurkeztu zituzten. Hiru lurralde historikoetako HIREKINeko hamar erakundek osatzen duten talde honek Euskadiko pertsonentzako arreta-zerbitzuen kontratazio publikoa modu sistematikoan aztertzea du helburu, Hirugarren Sektore Sozialaren parte-hartzea errazten edo zailtzen duten faktoreak identifikatzeko eta kontratazio-ereduak hobetzen laguntzeko.

Behatokiaren xedea da kontratazio publikoa interes orokorraren aldeko tresna estrategiko gisa indartzea, eraginkortasun ekonomikoaz gain, kalitatea, arreta-zerbitzuen jarraitutasuna, jasangarritasuna eta gizarte-inpaktua ere kontuan hartuko dituen ikuspegia sustatuz. Lan-ildo nagusietako bat gizarte-erantzukizunezko kontrataziorako plegu eredua garatzea da, administrazio publikoei pertsonentzako arreta-zerbitzuen kontratazioetan irizpide sozialak txertatzen laguntzeko.

Topaketak, halaber, HIREKINen eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailaren arteko lankidetza-bide berriak aztertzeko aukera eman zuen, gizarte-erantzukizunezko kontratazio publikoa sustatzen jarraitzeko. Bi aldeek nabarmendu zuten lankidetza publiko-soziala funtsezkoa dela pertsonengan oinarritutako kalitatezko zerbitzuak eta Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Sistemaren balioekin bat datozen politikak garatzeko.