(Bilboko 2. Gizarte Epaitegiaren 27/2021 Epaia)
Gaueko txanda egiten duten pertsonek jasotzen duten txandakako lanaren plusa ez da bateragarria izango Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko V. Hitzarmenaren 27. artikuluan aurreikusitako zaintza-egoeran dagoen gaueko lanaren % 125eko konpentsazioarekin.
Hala ezarri du Bilboko 2. Gizarte Epaitegiaren 27/2021 Epaiak. Epai hori irmoa da une honetan, eta, haren arabera, gaueko txanda egiten duten langileek ezin dute Bilboko Esku-hartze Sozialeko Hitzarmenaren 27. artikuluan aurreikusitako ordu-konpentsazioa hartu. Konpentsazio hori “beren lana gaueko ordutegian egiteko berariaz kontratatu ez dituzten langileei baino ez zaie aplikatuko”.
Auzi-jartzaileak, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandan lan egiten zuen gizarte-hezitzailearen ordezkari gisa, zeinak txandakako lanaren plusa jasotzen zuen, demandan eskatu zuen plus horri Hitzarmenaren 27. artikuluan jasotako ordu-konpentsazioa gehitzeko, gaueko txandan egindako orduak konpentsatzeko. Izan ere, uste baitzuen hiru txanda egiteak (goizez, arratsaldez eta gauez) gaueko txandarako berariaz kontratatua ez izatearekin bat datorrela.
Hala ere, demandatuak, enpresaren ordezkari gisa, argudio hori ezetsi zuen, uste baitzuen 27. artikuluak gaueko lana eta haren konpentsazioa aldizkako edo noizean behingo egoeretarako definitzen duela, eta hori ez zen zehazki jasotzen kontratuan. Beraz, haren ustetan kasu horretan ez zen hori betetzen, langileen kontratuak gaueko txanda egitea jasotzen baitu berariaz.
Zehazki eta berariaz terminoen arteko aldea izan da epaimahaiak enpresaren alde egiteko kontuan hartu duen irizpidea; izan ere, langilea hiru txandatan (gauekoa barne) zegoen kontratatuta, eta zehazki ordutegi horretarako kontratatu zuten. Beraz, ezin zuen konpentsazioa eskatu, epaian adierazten den moduan:
Azken finean, ondorioztatu dugu langilea zehazki kontratatu dutela gaueko txandan lan egiteko, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandatan ematen baititu zerbitzuak, eta horregatik jasotzen du txandakako lanaren plusa. Beraz, ez da aplikagarria zehazki gaueko txandan lan egiteko kontratatu ez dituzten langileen gaueko lanari buruzko 27. artikulua.
Epai horrek amaiera ematen dio gai polemiko bati, zeinak aurkako iritzi interpretagarriak eragin dituen eta irizpide bat finkatzen duen etorkizuneko desadostasunak ebazteko.