ORDAINSARI-ERREGISTROA. ZALANTZA NAGUSIEN ERANTZUNAK

Zein enpresa daude behartuta ordainsari-erregistroa izatera?

Langileen Estatutuaren 28.2 artikuluaren arabera, enpresa guztiek izan behar dute plantilla osoaren ordainsari-erregistroa, zuzendaritzako langileak eta goi-kargudunak barne.

Kooperatiba-sozietateak behartuta al daude ordainsari-erregistroa osatzera?

Besteren konturako langileekin ari direnean bakarrik, eta langile horiei dagokienez.

Noiz egokitu behar dute enpresek ordainsari-erregistroaren edukia urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuaren aurreikuspenetara?

Enpresek beren ordainsari-erregistroaren edukia egokitu behar dute urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuaren aurreikuspenetara, 2021.04.14tik, indarrean sartzen den egunetik.

Nortzuk osatzen dute enpresako plantilla ordainsarien erregistroan sartzeari dagokionez?

Enpresako plantilla han bertan besteren kontura lan egiten duten guztiek osatzen dute, kontratu-modalitatea, antzinatasuna, lanaldia edo beste edozein kontu gorabehera.

Urtea amaitu baino lehen enpresa uzten duten pertsonak sartu behar al dira?

Bai. Ordainsarien erregistroan plantilla osoa sartu behar denez eta erreferentziako aldia urte naturala denez, dagokion urte naturalean plantillako kide izan diren pertsona guztien ordainsariak jaso behar dira erregistro horretan.

Kooperatiba bateko bazkideak sartu behar al dira ordainsarien erregistroan? Eta bekadunak eta enpresarekin lanekoak ez diren jardunen bidez lotutako beste pertsona batzuk?

Ez, plantillako kide dira enpresarekin lan-harremanaren bidez soilik lotura duten pertsonak, Langileen Estatutuaren 1.1 artikuluko oharrak jasotzen dituztenak.

Zer informazio jaso behar du ordainsarien erregistroak? Nola multzokatu behar da?

Ordainsari-erregistroak langileen soldaten, soldata-osagarrien eta soldataz kanpoko hartzekoen batez besteko balioak (batezbesteko aritmetikoa eta ertaina) jaso behar ditu, sexuaren arabera banakatuta, eta lanbide-taldeen, lanbide-kategorien, mailaren, lanpostuaren edo aplika daitekeen beste edozein sailkapen-sistemaren arabera banatuta. Beraz, ordainsari-erregistroak batez besteko balio horiek baino ez ditu jasoko, eta ez langile bakoitzak banaka jasotako ordainsariak, horrek eragotzi gabe informazio hori beharrezkoa izatea adierazitako kalkuluak egiteko.

50 langile edo gehiago dituen enpresa batean, sexu bateko langileen ordainsarien batezbestekoa besteenaren % 25 edo gehiago bada, soldata-kostu osoa edo ordaindutako ordainsarien batezbestekoa hartuta, alde hori sexuarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik dela egiaztatzen duen justifikazioa erantsi beharko du enpresak erregistroan.

Ordainsarien erregistroan jasotako informazioak zein eperi egin behar dio erreferentzia? Noiz eguneratu behar da edukia?

Erregistroaren erreferentzia-aldia urte naturala da, hau da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean benetan ordaindutako eta jasotako ordainsari guztiak jasoko ditu erregistroak (sortzapen-data edozein dela ere).

Horrez gain, erregistroa eguneratu egin beharko da, baldin eta haren elementuetako edozeinetan funtsezko aldaketak gertatzen badira, helburuak betetzen jarrai dezan: «hartutakoen konfigurazioan gardentasuna bermatzea, modu fidel eta eguneratuan». Funtsezko aldaketak zein diren zehazteko, alde kuantitatiboei errepara dakieke, aldaketak plantilla osoari eragiten dionean edo izaera kolektiboa duenean, edo alde kualitatiboei, enpresaren ordainsari-politikari eragiten dionean.

Langileen legezko ordezkaritzak ba al du eskubiderik ordainsari-erregistroaren eduki osoa ezagutzeko?

Langileen legezko ordezkariek ordainsari-erregistroaren eduki osoa eskuratu ahal izango dute. Informazio hori bat dator 1.1.a eta 1.2.a Benetako Zenbatekoen taulekin eta taula gehigarriekin. Ordainsarien erregistro-erramintaren 1.1.b. eta 1.2.b Benetako Zenbatekoen ordainsari-auditoretza egiten duten enpresentzat dira.

Legezko ordezkaritzarik ez badago, ordainsarien erregistroko zein informazio eskuratu ahal izango dute langileek beraiek?

Langile batek legezko ordezkaritzarik ez dagoelako ordainsari-erregistroa eskatzen badu, enpresak gizonen eta emakumeen batez besteko ordainsarietan dauden portzentajezko aldeei buruzko informazioa emango dio soilik, ordainsariaren izaeraren eta aplikatu beharreko sailkapen-sistemaren arabera bereizita. Kasu horretan, beraz, ez dira emango erregistroan agertzen diren ordainsarien benetako zenbatekoei buruzko batez besteko datuak. Informazio hori bat dator Ordainsari‑erregistro Erremintaren tauletako portzentajezko diferentzia totalen errenkada hauekin: 1.1.a eta 1.2.a Benetako Zenbatekoak eta 1.1.b. eta 1.2.b Benetako Zenbatekoak.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario/a. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies