Nola geratu dira obra- eta zerbitzu-kontratuak Auzitegi Gorenaren 1137/2020 Epaia eta gero?

Joan den abenduaren 29an eman zuen aditzera Auzitegi Gorenaren gizarte-arloko salak 1137/2020 Epaia, eta bertan ezarritakoak aldatu egin du Auzitegi Gorenak obra- eta zerbitzu-kontratuei dagokienez orain arte izan duen jurisprudentzia-ildoa. Horrek zalaparta handia sortu du, ez baitago argi zein eragin izan dezakeen kontratu modalitate hori oso maiz erabiltzen den sektoreetan, gurean kasu.

Behin-behineko kontratuak etengabe babesten dira lan-arloko zuzenbidean, baina aipatu behar da kausalitatearen printzipioaren menpe daudela, gehiegikeriarik egon ez dadin; printzipio horri jarraikiz, ezinbestekoa da kausa justifikatu bat izatea kontratazio mota horren alde egiteko.

Zehazki, kontratazio modalitate horrekin estaltzen den jardueraren autonomian eta haren berezko ezaugarrietan jartzen du azpimarra LEko 15.1 artikuluak arautzen duen obra- edo zerbitzu-kontratuak, eta bertan xedatzen da jarduera hori argi eta garbi bereizi behar dela enpresaren ohiko jarduera erregularretik.

Hizpide dugun epaia egin zen arte, AGko jurisprudentziak interpretatzen zuen obra- edo zerbitzu-kontratua enpresaren kontrata bati lotuta egotea kausa nahikoa zela kontratua sinatzeko. Halaber, ulertzen zuen lan-kontratuaren iraupena bat zetorrela enpresak sinatutako administrazio-emakidaren edo merkataritza-kontrataren iraupenarekin.

Irizpide horri berari jarraitzen zion Lan Ikuskaritzak ere arlo horretan (95/15 irizpidea).

Auzitegi Gorenaren abenduaren 29ko azken epaiak enpresek jarritako kasazio-errekurtso bat ebatzi zuen, zeinaren helburua baitzen doktrina hori bateratzea. Gauzak horrela, gizarte-arloko salak aho batez erabaki zuen kontrata bati lotutako obra- edo zerbitzu-kontratuen onargarritasunari buruzko doktrina zuzentzea.

Zehazki, orain ulertzen du ez dagoela kontratazioaren behin-behinekotasuna justifikatzen duen kausarik enpresak bere jardueraren zatirik handiena kontrata bidez egiten duenean; izan ere, kasu horretan, obra- edo zerbitzu-kontratua ezin da ezohikotzat jo.

Horregatik, kontratu hori justifikatuko duen kausarik ez dagoela ulertuta, ondorioztatu behar da kontratua lege-iruzurrez itundu zela eta aldeen arteko lan-harremana definitu gabe zegoela.

AGren doktrina-aldaketa hori mugarri izango da kontratu modalitate horren interpretazioan, eta oraindik ezin da jakin zein izango den erabaki horrek lan-arloko kontratazio arruntetan izango duen eragin erreala, ezta Lan Ikuskaritzak epai hori egin ostean sinatutako obra- eta zerbitzu-kontratuei dagokienez egingo dituen jarduketetan izango duen eragina ere.

Argi dago AGren gizarte-arloko salak hartutako irizpide bakarrak balio juridikoa duela, baina, dena den, epai bakarra dagoenez, ez da nahikoa jurisprudentzia-ildo bat markatzeko; hortaz, adi-adi erreparatu beharko diegu arlo horretan hartzen diren hurrengo erabakiei, kontratazio mota horri dagokionez etorkizunean zein joerari jarraituko zaion ikusteko.

Epaia argitaratu ondoren sinatutako kontratazioei irizpide hori aplikatzeak ondorio nabarmenak izango lituzke hainbat sektore ekonomikotan, eta ez lirateke gutxi izango. Gaur-gaurkoz, ez daukagu arlo horretan egin den inongo erreklamazio edo ikusketa-jarduketaren berri, eta, beraz, sen onak diosku lasai egon behar dugula, baina, aldi berean, gai horretako berritasunei adi.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario/a. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies