COVID-19ak sortutako osasun-krisiaren esparruan onetsi zen erregulazioak “lanetik botatzeko debekua” jaso zuen. Helburua zen pandemiatik eratorritako salbuespenezko egoera lanetik botatzeko arrazoi objektibo modura ez erabiltzea. Hala, Gizarte Segurantzari egin beharreko ekarpenak salbuetsiz edo hobarien bitartez enplegua mantentzeko ABEEEak sustatu ziren.
Orain Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka armatuan gaude, eta horrek energia-krisia ekarri du. Egungo egoerak testuinguru berria ezarri du, eta iraupena ezezaguna da, baina ondoreak erabakigarriak dira enpresa-jardueran eta enpleguan. Larriak izan arren, egoeraren araberakoak izatea espero da. Horrenbestez, aparteko laguntzak behar dira, eta mekanismo hori berriz arautu da.
Ildo horri eutsiz, 6/2022 Errege Lege Dekretuak debeku bikoitza du:
- Lehenengo enplegu-bermea ELDak aurreikusten dituen zuzeneko laguntzen enpresa onuradunei aplikatzen zaie. Enpresa horiek berariaz ezingo dute erabili energia-kostuen balizko igoera lanetik botatzeko arrazoi objektibotzat. Aldi baterako neurria da (2022ko ekainaren 30era arte), eta betetzen ez bada jasotako zuzeneko laguntzak itzuli beharko dira.
- Bigarrena, berriz, LEren 47. artikuluko ABEEEak onetsi dituzten enpresei, modalitatea lanaldia murriztea edo lan-kontratuak etetea bada, ETAP arrazoiengatik (ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo produktiboak) edo Ukrainako gerrarekin lotutako behin behineko ezinbesteko arrazoiengatik eta laguntza publikoaren onuradunak badira, kaleratzeko ezin izango dituzte arrazoi horiek erabili.