Laneko eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak eta CCOO eta UGT sindikatuetako arduradunek akordio bat lortu dute 2021erako lanbide arteko gutxieneko soldata igotzeko, baina ugazaben ordezkariek (CEOE Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioa eta ATA Langile Autonomoen Elkartea) ez dute bat egin akordio horrekin.
Adostu dute igoera hileko 15 eurokoa izango dela (% 1,67 inguru), honako kopuru hauetara iritsi arte: hileko 965 eurora 14 ordainsaritan, 1.125,83 12 ordainsaritan edo 13.510 euro urteko. Igoera atzeraeraginez aplikatuko da 2021eko irailaren 1etik aurrera.
Akordio hori hilabete hasieran Laneko eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak berariaz deitutako mahaian hilabete hasieran abiarazitako elkarrizketa sozialaren emaitza da, eta lanbide arteko gutxieneko soldata aztertzeko aholku-batzordearen irizpenak proposatutako tartearen erdian kokatzen da, hileko 12 eta 19 euro bitarteko igoera proposatzen baitzuen.
Gobernuaren Komunikazio Kabineteak argitaratu duenaren arabera, igoera horrekin (legegintzaldia hasi zenetik bigarrena), “Gobernuak eta sindikatuek aurrerapausoak eman dituzte LGSa, 2022an eta 2023an egingo diren berrikuspenen bitartez, legegintzaldia amaitu baino lehen batez besteko soldataren % 60ra iristeko konpromisoan, Espainiak sinatutako Europako Gutun Sozialak xedatzen duen bezala”.
LGSa zaurgarrienak diren langileen lan-errentak babesten ditu eta ekitate-faktore garrantzitsua da, lan-pobreziaren aurka borrokatzeko oinarrizko tresna izateaz gain.
Ministroen Kontseiluak irailaren 28an onetsiko du, eta, ondoren, indarrean jartzea xedatuko duen Errege Dekretua argitaratuko da.