Elkarrizketa CEAR-Euskadiri

Bilboko Baiona kaleko egoitzan hartu gaituzte Patricia Bárcena CEAR-Euskadiko zuzendariak eta Alberto Cereijo Gizarte Eragin eta Partaidetzarako estrategiaren arduradunak. Beraiekin hitz egin dugu hirugarren sektoreko erakunde ezagun honen ibilbideaz eta gure mugetaraino euren jatorrizko herrialdeetako jazarpenetik eta segurtasun-ezetik ihesi iristen diren errefuxiatuen alde egiten duten lan garrantzitsuaz.

HIREKIN erakundeak eskerrak eman nahi dizkie euren prestutasunagatik eta esku artean dituzten proiektuak eta ekimenak gertuagotik ezagutzeko eta pandemian zehar lana nola egin duten jakiteko aukera emateagatik.

2021. urtea urte berezia da haientzat; izan ere, maiatzean CEAR-Euskadik 25 urte beteko ditu.

Azaldu ahal diguzue nola sortu zen CEAR-Euskadi, nolakoa izan den haren ibilbidea urte hauetan eta zeintzuk diren lan-ildo nagusiak?

CEAR-Euskadi 1996an sortu zen erakunde gisa. Hain zuzen, maiatz honetan gure 25. urteurrena ospatuko dugu.

Baina hastapenak askoz lehenagokoak dira, CEAR-Euskadi baino lehenago ere lana egin baikenuen. CEAR (Errefuxiatuen Laguntzarako Espainiako Batzordea) erakundearen barruan egiten genuen lan, eta estatu-mailako erakunde hori 1979tik ari da lanean.

1989an, CEARek pertsona bat kontratatzea erabaki zuen Euskadin, Javier Galparsoro, bere bulegotik lan egiten zuen abokatu bat; hura zen CEARek Euskadin zuen kontaktua. 1993an, eskaerak gero eta gehiago zirenez, boluntarioen laguntza beharrezkotzat jotzen hasi zen. Orduan erabaki zen Jose Maria Olabarri kalean bulego txiki bat alokatzea.

Boluntario gehienak abokatuak edo zuzenbideko ikasleak ziren, arlo juridikora oso bideratuak. Gure bulegoetara hurbiltzen ziren pertsonei eman beharreko urrats legalen berri ematen genien, eta, horrez gain, laguntza eta aholkularitza juridikoa ere ematen genien. Baina, aldi berean, konturatzen ginen pertsona horiek beste behar asko zituztela.

Garai hartan, laguntza gutxi batzuk baino ez zeuden; ez ziren pertsona guztiengana iristen eta ez ziren nahikoak. Horregatik, proiektu eta ideia berriak planteatzen hasi ginen. Horrela, entitate propioa osatzeko beharra agertu zen, eta une jakin batean CEAR-Euskadi sortzea erabaki genuen. Gaur egun, kontratatutako 50 pertsonak eta 100 boluntariok baino gehiagok osatzen dugu taldea.

CEARekin bidea partekatzen dugu eta ikuspegi, misio eta balio berberak defendatzen ditugu. Espazio asko ere partekatzen ditugu. Hala ere, kudeaketa eta programak desberdinak dira. CEARen kudeaketa-zentroa Madrilen dago, eta funtsean ministerioak duen harrera-programarekin lan egiten dute. Guk programa txikiagoekin egiten dugu lan, hainbat finantzatzailerekin eta tokian-tokian.

Azken urteetan izandako hazkundearen aurrean, agerian geratu zen ekipoentzako espazio berri gehiago lortu behar zirela, eta orduan ireki genuen Baiona kaleko bulegoa, baina lehendik genituen espazioak ere mantendu ditugu. Horrela, egoitza berri honetan asiloaren arazoa kudeatzen eta lantzen duen taldeak lan egiten du, arreta psikologikoa izan ezik, hori Kristo kaleko egoitzatik kudeatzen baita, komunikazio-, kudeaketa- eta intzidentzia-taldeekin batera. Bestalde, Gorte kaleko egoitzan CEARen harrera-taldea geratu da.

Urte hauetan zehar, hainbat erronkari egin behar izan diegu aurre. Hasieran, gure burua ezagutarazi behar genuen; jendeak ulertu behar zuen errefuxiatuen errealitatea, baita politika publikoek euren bizitzan nola eragiten duten ere. Bidea ireki behar zen, informatu, jardun, gizarteari eta erakundeei euren arazoak ezagutarazi eta hasiera berri horretan babesa eman.

Oro har, CEAR-Euskadin bi lan-ildo ditugu: batetik, arreta eta esku-hartze zuzena pertsonekin, eta, bestetik, eragina eta eraldaketa. Politikariekin lan egiten dugu izapidetzen ari diren eta gure lanaren xede diren pertsonengan eragina duten legeak aldatu ahal izateko, eta, aldi berean, bizikidetzarako espazioak sortzea ahalbidetuko duten herritar kritikoak sortzen ahalegintzen gara.

2015ean, Aylan Kurdi haurraren irudiak bira eman zion munduari: haur siriarra zen, eta Turkiako hondartza batean itota azaldu zen. Une horretan, herritarren mobilizazioa handi samarra izan zen mundu-mailan, eta babeslekuaren eta errefuxiatuen eskubideen gaiarekin lotutako gizarte-mugimenduak sortzen hasi ziren.

Hala ere, azkenaldian, desberdinarekiko beldurraren eta gorrotoaren diskurtsoak indarra hartzen ari dira, eta are gehiago pandemia hasi zenetik. Gezurretan oinarritzen diren diskurtso horiek desaktibatzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, gizartean sar ez daitezen. Alde horretatik, hainbat lan-ildo ditugu, hala nola Arabako Foru Aldundiarekin batera lurraldeko landa-eremuetan garatzen ari garen zurrumurruen aurkako sareak. Halaber, txostenak argitaratzen ditugu eta elkarrizketa-espazioak kudeatzen ditugu gizarte-kolektiboekin, beren dinamiketan giza eskubideen eta errefuxiatuen eskubideen gaiak txerta ditzaten.

Gaur egun, zein proiektu ari zarete lantzen?

Gaur egun, eraginaren arloan, bi proiektu garrantzitsu ditugu:

Lehenengoak, “Mugak” izenekoak, herritarren kontzientziazioa eta enpatia bilatzen ditu. Horretarako, Iparralde‑Hegoaldeko mugaren eta Mexiko eta AEB arteko mugaren artean paralelismo bat islatzen saiatzen gara, gerraren eta faxismoaren ondorioz emigratzera behartuta egon ziren gure aitona-amonek bizi izan zuten egoera oinarri hartuta. Ekimen horren inguruan eztabaida, solasaldi eta elkarrizketarako guneak sortu ditugu. Gainera, Mexikon, Euskadin, Espainian eta Frantzian dokumental bat grabatzen ari gara, leku horietako errefuxiatuen errealitatea islatzeko. 2021. urtearen amaieran prest egotea espero dugu.

Bigarren proiektuaren helburua da ingurumen-arrazoiengatik egiten diren joan-etorriak ikusaraztea, bai eta bizi diren lurraldearen narriaduraren ondorioz etxetik alde egin behar izaten duten pertsona guztiak ere; kasu askotan, meatzeak, presak, urtegiak eta bestelako proiektu handiek eragiten dituzte.

Baina ez dira abian ditugun ekimen bakarrak. Adibidez, Susanna Martínek ekoitzi eta Vitoria-Gasteizko ahalduntze‑eskolan aurkeztutako komiki bat atera dugu. Bertan, emakumeek, LGTBI kolektiboak eta krimen antolatuak jazarritako pertsonek Erdialdeko Amerikan bizi duten egoera islatzen da.

Giza eskubideen defendatzaileak” xede dituzten aldi baterako babeserako programa interesgarri bat ere badugu, Eusko Jaurlaritzak bultzatua eta CEAR-Euskadik kudeatua. Asmoa da aldi baterako babesa ematea komunitateen eta haiekin bizi diren pertsonen giza eskubideak defendatzeko arriskuan dauden pertsonei. Defendatzaile horiek sei hilabete igarotzen dituzte Euskadin; horietan, arreta psikologikoa eta sanitarioa jasotzen dute, oro har, eta haiekin lan egiten dute, segurtasuna maila guztietan indartu dezaten. Aurten hamargarren urteurrena beteko du programak.

Esku-hartzearen arloan, CEAR-Euskadik bi harrera-zentro ditu. Oñatin eta Tolosan daude, eta estatuko harrera‑sisteman sartzen ez diren asilo-eskatzaileentzat dira. Horrez gain, HARRERA programan parte hartzen duten hainbat etxebizitza ditugu. Guztira, harrerarako 150 plaza inguru ditugu, Eusko Jaurlaritzak finantzatuak.

Laguntzen ditugun pertsonen gizarte-ibilbideek hauek barne hartzen dituzte: laguntza ekonomikoak, lanerako laguntza eta aholkularitza juridikoa. Gainera, beharrezkoa da sarean lan egitea, eta horrek pertsona gehiagorengana iristea ahalbidetzen digu.

HEMEN programaren partzuergoko burua ere bada. Programa hori bakarrik dauden gazte atzerritarrentzat da (guztiak gizonezkoak), Bizkaiko adingabeentzako zentroetatik irten direnak bertan gehienez ere 12 hilabete egon ondoren. Programa hori Bizkaiko Foru Aldundiak babesten du, eta hirugarren sektoreko beste erakunde batzuek ere parte hartzen dute haren garapenean: Peñascal, Izangai, Ellacuría, Caritas Bizkaia, Adsis, Harribide, CEAR-Euskadi, Margotu eta Erain.

Nola ari zarete bizitzen pandemia CEAR Euskadin?

Ezohiko urtea izan da, eta asko ikasi dugu. Argi dago pandemiak eragina izan duela gure lan egiteko moduan, baina egoerari egokitzeko gai izan gara. Hirugarren sektore gisa, elkarrekin eta modu koordinatuan erreakzionatu dugu.

Zehazki, CEAR-Euskadiren kasuan, etxetik lan egiten ikasi dugu, teknologian oinarrituta, bideokonferentzien eta telefono-deien bidez; osasun-protokoloak antolatu behar izan dira, ekipoak berrantolatu behar izan dira, eta nola ez, geure burua eta gure lana funtsezko zerbitzuak direla ikusi dugu. Konfinamenduko hilabete gogorretan, beti egon da norbait egoitzetan lan guztia koordinatzen, eta laguntza behar duten eta harrera-programetan ditugun pertsona guztiei laguntza ematen jarraitu dugu. Gainera, pertsona askok erakutsi digute laguntzeko eta modu desinteresatuan lankidetzan aritzeko prest daudela.

Hala ere, errefuxiatuen egoerari dagokionez, pandemiak nahiko eragin negatiboa izan du, mugen itxiera dela eta. Gatazketatik eta jazarpenetik ihes egiten duten pertsonek ezin izan dute hori egin. Beste batzuk, berriz, blokeatuta geratu dira pasabideko herrialdeetan, eta oso egoera kezkagarriak izan dituzte, besteak beste segurtasunik eza eta esplotazioa. Zentzu horretan, pandemiak ez du ezertan hobetu pertsona horien egoera; alderantziz, okertu egin du.

Gertatzen ari den beste egoera bat da ia ez dela errefuxiaturik iristen eta, gehienetan, bide irregular eta ez-seguruetatik iristen direla.

Gainera, gure herrialdera iristen diren errefuxiatuen kopurua txikia denez, dagoeneko gure herrialdean dauden asilo eskatzaileei erantzuteko epeak asko murriztu dira. Eta, tamalez, hori ez da ona; izan ere, asilo-eskaeren ia % 95 baztertu egiten dira, eta horrek egoera kaltebera batera eramaten ditu pertsona eta familia horiek.

Horri guztiari lana zuten erabiltzaile asko gehitu behar zaizkio (ostalaritza, zaintzak, esparru soziosanitarioa); pandemiaren ondorioz langabezian geratu dira, eta, beraz, baztertuta geratzeko arrisku argian daude.

Zuen ustez, zer ekarpen egiten dizkio Gizardatzek CEAR-Euskadi bezalako erakunde bati?

CEAR Euskadirentzat Gizardatz bezalako sare batean parte hartzea askapena da; izan ere, pertsona batzuk hemen lan egiten dugun pertsonen lan-baldintzekin zerikusia duen guztia lantzen ari dira eta hirugarren sektoreak egindako lana duintzearen alde egiten dute lan. Hori oso garrantzitsua da. Uste dugu bete-betean asmatu genuela hitzarmen propio bat bilatzean.

Garrantzitsua da sektorea zainduko duen eta diskurtso bateratua lortzearen alde lan egingo duen talde bat izatea, erakundeen aurrean eta gizartean dugun posizioa hobetzen lagunduko diguna.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario/a. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies