6/2019 Errege Dekretuak, enplegu eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presako neurriei buruzkoak, pixkanaka berdindu zuen jaiotzagatiko bi gurasoen lan-kontratuaren etenaldiaren iraupena. Horrek aldarazi egin zuen Langileen Estatutua.
Jaiotzagatiko kontratuaren etenaldi horrek aintzat hartzen du erditzea eta hamabi hilabete baino gutxiagoko umeen zaintza, eta berdindu egiten da bi gurasoentzako etenaldi horren iraupena: 16 aste. Erditze ondorengo sei asteak jarraian hartu behar dira nahitaez.
Araupetze berri horren ondorioz, jaiotzaren unean biologikoa ez den gurasoaren kontratua automatikoki eteten denez, langileen Estatututik kendu egin zen seme-alaba jaiotzeagatik 37.2 artikuluak xedatzen zuen bi eguneko baimena.
Etete hori hainbat modutara uler zitekeen jaiotzagatiko baimen hori hitzarmenean jasota zegoenean (esate baterako, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan indarrean dauden esku-hartze sozialari buruzko hitzarmenak, 37. artikulua).
Polemika hori 2021eko urtarrilaren 27ko epaiaren bidez ebatzi du Auzitegi Gorenak. Epai horrek berretsi egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak lehenago 2019ko uztailaren 16ko epaian emandako erabakia. Halaber, berretsi egiten du enpresek eskubidea dutela hitzarmen kolektiboetan jasotako seme alaben jaiotzagatiko baimen-egunak ez emateko; izan ere, kontratuaren etenaldiaren iraupena bi gurasoentzat berdindu egin denez, bi egun horiek emateak ez du inolako justifikaziorik.