ASKABIDE elkartera hurbildu gara. Irabazi-asmorik gabeko erakundeko horrek Euskadin prostituzioan aritzen diren pertsonen eta gizartetik at gelditzeko arriskuan dauden emakumeen normalizazioaren eta gizarteratzearen alde egiten du lan. Aurten, Emakunderen 2020ko Berdintasun Saria irabazi du, prostituzio-egoeran eta gizartetik at dauden emakumeekin egin duen lana dela eta. Hori ondo egindako lanaren aitortza garrantzitsua da.
Bilboko Kortes kale ezagunean duten lokalean egin digute harrera: han zeuden Miriam Santorcuato, Askabideko presidentea, Diego Lodeiro gizarte-hezitzaile eta Zuzendaritza Batzordeko kidea eta Tamara Ramos proiektu eta langileen koordinatzailea.
Askabideren iraganari, orainari eta etorkizunari buruz hitz egin dugu haiekin. Espero dugu guri bezain interesgarria irudiko zaizuela haiekin izandako elkarrizketa.
Arratsalde on.
Azalduko zenigukete, labur, Askabide nola sortu zen eta urte hauetan zer-nolako ibilbidea izan duen?
Askabide 1985ean sortu zen, duela 35 urte, hain zuzen ere. Kortes auzoan prostituzioan aritzen ziren emakume-talde baten bizi-baldintzako hobetzen saiatu nahi zuten eta auzoarekin lotura zuten zenbait pertsonek zituzten kezkei erantzuteko sortu zen. Garai haietan, Bilboko prostituzio guztia Kortes auzoan zegoen eta, bereziki, “auzo txinatarra” izenez ezagutzen zen horretan.
Pertsona horiek ikusi zuten beharrizan oso zehatzak zituen kolektibo bat zegoela eta ez zegoela beharrizan horiei erantzuteko inor. Askabideren hastapenetan, oblatu mojek oso rol garrantzitsua izan zuten, auzoan baitzeuden eta urte asko baitzeramatzaten gizartetik at gelditzeko arriskuan zeuden emakumeekin lanean.
Garai hartako testuinguruak ez du zerikusirik gaur egun dugunarekin. Prostituzioaren argazkiak ere ez, noski. Hala ere, Askabideren esentzia, haren helburua, berdina da oraindik ere. Kolektibo horrengana hurbildu nahi dugu, eta haren beharrizanei erantzun.
Hasieran, ez geneukan lokal fisikorik. Kalean egiten genuen lan, prostituzioan aritzen ziren emakumeekin harremanetan geunden. Ibilbide batzuk egiten genituen, kaleetan zehar, emakume horiekin harremanetan jarri eta hitz egiteko. Horrek aukera ematen zigun haien eskaerak, kezkak eta arazoak ezagutzeko.
Prostituzioari dagokionez, asko aldatzen den errealitate bat da. Laurogeiko hamarkadan, prostituzioan aritzen ziren emakume ia guztiak espainiarrak ziren eta horietako asko hegoaldetik zetozen, batez ere Andaluziatik. Haien beharrizanetako asko irakurtzeko eta idazteko zailtasunekin erlazionatuta zeuden. Emakume horiek ez zekiten ez irakurtzen ez idazten, eta gaur ikusten ditugunak baino nagusiagoak ziren.
Laurogeita hamargarren hamarkada hasieran ikusi genuen prostituzioa ez zela soilik Kortes kalean ematen. Pisuak agertzen hasi ziren; pisu horiek nahiko hurbil egon arren, jada ez zeuden auzoan. Testuinguru horretan, Bilboko Udalak prostituzioa arautzeko lehen ordenantza ezarri zuen; bertan, besteak beste, lokalen arteko gutxieneko distantzia bat eta zenbait neurri higieniko eta sanitario ezartzen ziren. Garai hartan hasi ziren agertzen lehen emakume immigranteak.
90. hamarkada bukaeran eta 2000 hasieran, prostituzioa pisu eta lokaletan antolatzen zen; txikiak izaten ziren, tabernen tamainakoak. 4 eta 6 emakume artean aritzen ziren lanean horietako bakoitzean.
Garai horretan makroklubak ere agertu ziren, hala nola Trapagako errepide zuzenean zeudenak; bertan hotel baten tamainako 7 klub ere egon ziren eta horietako bakoitzean 20-30 emakumek egiten zuten lan. Plazadun klubak dira; horrek esan nahi du emakumeak bertan aritzen direla prostituzioan eta bertan bizi direla. Hilean 20-28 egun egoten dira klubean, eguneko 24 orduetan.
Gaur egun, klub handi horiek desagertzen ari dira, klub txikiagoekin geratzen ari den modu berean. Orain, joera nagusia pisuak dira, baina logelen alokairu-erregimenean. Horrek, nolabait, zaildu egiten du gure lana; izan ere, pisuak non dauden jakin badakigun arren, zailagoa da bertan lanean ari diren emakumeekin kontaktuan jartzea. Ikusezintasun-egoera horrek are kalteberago bihurtzen ditu.
Gaur egun, zein proiektutan zaudete murgilduta?
Hainbat proiektu eta lan-ildo ditugu. Horien artean, elkarteak dituen bizitegi-baliabideak azpimarratu beharko genituzke. Kolektiboaren askotariko beharrei erantzuteko prestatuta dauden bost pisu ditugu.
Azkarri gizarteratzera bideratutako pisu bat da. Bertan artatzen ditugun emakumeak prostituziotik etor daitezke baina, batez ere, gizartetik at gelditzeko arrisku handian dauden eta narriadura-maila nabarmena duten emakumeak dira. Gure helburua da baliabide hau erabiltzen duten emakumeekin denbora luzez lan egitea, narriadura-maila ez dadin okertu.
Etxea prostituzioan jardun duten baina beste lan-irtenbide bat nahi duten emakumeei zuzenduriko gizarteratze-pisu bat da. Gizartetik at gelditzeko arrisku ertaina duten eta salerosketaren biktima izan diren baina gizarteratze-bidean dauden emakumeei ere zuzentzen zaie baliabide hau.
Babesa pisua. Sei plaza ditu. Lau plaza emakumeentzat eta bi adingabeentzat. Autonomoagoak diren emakumeei zuzentzen zaie. Gutxieneko batzuk eskaintzen zaizkie, euren bidea has dezaten. Oso ekonomia prekarioa duten eta egoera erregularizatu arte babesa behar duten emakume immigranteak dira baliabide honetan artatzen diren profilak.
Pertsonen salerosketa-pisua salerosketaren biktima gisa identifikatu diren emakumeei zuzentzen zaie pisu bat da.
Gizarteratze-pisua da tutoretza txikiena duen baliabidea. Guztiz autonomoak diren eta hainbat urtetan gurekin lanean aritu diren emakumeei zuzentzen zaie. Profil kronifikatuagoa dute etxebizitza bat lortzeko zailtasunei dagokienez. Emakume horiek urte asko daramatzate auzoan, ostatu batetik bestera, gela batetik bestera.
Bestalde, zerbitzu hauek ere baditugu: arreta- eta informazio-zerbitzua, harrera-zentroa, babes psikologiko eta juridikoa, laneko orientazioa, administrazioari loturiko gaietan laguntzekoa (dokumentuak izapidetzea, laguntzak eskatzea…).
Hain zuzen ere, pandemiaren eraginez, izugarri areagotu dira kontu administratiboei loturiko eskaerak, hala nola laguntzak izapidetzeko eskaerak edo laguntzei buruzko informazio-eskaerak. Horrek argi erakusten du zein egoeratan utzi dituzten emakume horiek COVID-19aren aurka hartutako neurriek.
Mari Makeda oso proiektu polita da baina, bizi dugun osasun-krisiaren eraginez, geldi dago. Proiektu horren lan-ildo nagusia laneratzea eta gizarteratzea da, Aldundiaren Lanberri proiektuarekin lankidetzan. Helburua da parte hartzen duten emakumeek proiektuan bertan lan-esperientzia eskuratu ahal izatea; izan ere, oihal afrikarrekin egindako arropak egin eta saltzeko proiektu bat da.
Ikastaroan parte hartzen duten emakumeek joskintza ikasten dute eta, horri esker, gerora lokal fisiko batean salgai jartzen diren arropa egin dezakete. Modu horretan, arropa egiten, saltzen eta bezeroekin harremanetan egoten treba daitezke, testuinguru erreal batean.
Eta aurrera begira, nola ikusten duzu Askabide epe ertain eta luzera?
Bizi dugun egoera ikusita, zaila da datorren hilabetean ere pentsatzea. Gutxieneko batzuei eustea, egoerara egokitzea eta eskatzen diguten guztiari erantzutea nahikoa eta gehiago da. Egungo baliabideei eutsi nahi diegu, eta Mari Makeda proiektua berriz ere martxan jarri nahi dugu. Garai hauetan ez du zentzurik handinahiak izateak; ddena martxan mantentzea eta pandemiaren eragina gehien pairatu duten programak berriz ere abiaraztea da xedea.
Pisuetan guk jakin gabe gertatzen ari denak ere asko kezkatzen gaitu.
Zer ekarpen egiten dio Gizardatz ekimenak Askabide bezalako erakunde bati?
Gizardatz ekimenak ekarpen aberatsa dakarkigu lanaren, hitzarmenen eta lan-harreman zein ‑baldintzen arloan. Esan genezake Bizkaiko hirugarren sektoreko lorpen nagusietako bat negoziazio kolektiboaren hasiera izan zela, mahai gainean jarri baitzuen langileen hitzarmena.
Argi-ilunak izan baditu ere, urrats erraldoi bat izan da; izan ere, sektore honetan lanean ari diren pertsonen baldintzak adostu eta duindu dira, gaitasun eta ezagutza handiko profesionalak baitira. Horren aurretik ez zegoen adostasunik, baina gutxieneko duin batzuk ezarri ziren eta profesionaltasuna aitortu zen.
Gizardatzek administrazio publikoekin egiten dugun lana errazteko ahalegina ere egin du; izan ere, beharrezkoa da administrazioek ulertzea eta balioa ematea Bizkaiko gizarteko esku‑hartzeen hirugarren sektorean lanean ari diren erakunde eta pertsonei.
Bukatzeko, azpimarratu nahiko genuke hobekien baloratzen dugun Gizardatzen elementuetako bat haren irisgarritasuna eta hurbiltasuna dela, bertako kide diren erakundeentzat; izan ere, benetan baliagarria den babesa eskaintzen du egunerokoan ager daitezkeen lan-arloko kontu eta zalantzei erantzuteko.