Oraingo honetan, IRSE ARABAk Gasteizen dituen bulegoetara gerturatu gara erakundean eta are hirian –ausartuko nintzateke esatera– arrastoa utzi duten bi emakumerekin hitz egiteko. Batetik, Lucia Sarabia dugu, Gizarte eta Hezkuntza eta Giza Baliabideak saileko gerentea, eta, bestetik, Pilar Colomer, kalitatearen, ADA programaren eta familia-elkargunearen arduraduna.
Zorte handia izan dugu beraiekin hitz egin eta Gasteizko gizartean erabat errotuta dagoen erakunde hau gertuagotik ezagutzeko aukera izan dugulako: 34 urte baino gehiago daramatza gizarte-bazterkeria pairatzeko arriskuan dauden haur, gazte eta familiekin lanean.
Plazer handia izan da haiek entzutea eta beren ilusioaz, indarraz eta nekaezintasunaz kutsatzea.
Laburbilduko diguzue nola sortu zen IRSE ARABA eta zein ibilbide izan duen ordutik hona?
IRSE ARABA Gasteizen sortu zen 1987an, eta hainbat eremutako profesional elkartuta sortu genuen; izan ere, kezkatuta geunden, hiriko gazte asko gizarte-bazterkerian eta gero eta egoera txarragoan bizi zirelako, batez ere, heroinaren kontsumoagatik. Gure helburua zen pertsona horiei arreta zuzena ematea. Dena den, garai hartan are zailagoa zen, ez zegoelako gizarte-baliabiderik.
Droga-arazoengatik delitu egin zuten pertsonei arreta egiteko Eusko Jaurlaritzaren programa pilotu batean hasi ginen lanean. Programa horretan sartuta geundela konturatu ginen interesgarria izan zitekeela ordurako helduak ziren eta gizarte-bazterkerian zeuden pertsona horiekin baino, gazteagoekin, lehenago, hastea lanean. Uste genuen gauzak horrela eginda, ziurrenik emaitzak ezberdinak izango zirela, edo, gutxienez, pertsona horien autosuntsiketarako joera ez zela hain azkar areagotuko.
Esan eta egin: lanean hasi eta kale-hezkuntzako eta haurrak beren ingurunean artatzeko programak garatu genituen. Jarduketa horiek Gasteizko Udalaren laguntzak babestu zituen, Udala bera ere oso kezkatuta zegoelako gazteek bizi zuten egoerarekin. Aldi berean, epaitegietan lanean jarraitu genuen droga-mendekotasun arazoak zituzten pertsonekin, espetxea saihesteko programa alternatiboen esparruan.
Poliki-poliki eta banakoen, erakundeen, administrazioen eta Udalaren laguntzari esker, garatzen joan ziren gizarte-zerbitzuak, eta, horrela, gero eta handiagoak, garrantzitsuagoak eta profesionalagoak bilakatu ziren. Garai hartan psikologo, pedagogo eta gizarte-hezitzaile talde bat ginen, baina oraindik ez zegoen, berez, gizarte-hezkuntzarik. Dena sortu behar zen, ez zegoen ezer; garai gogorrak izan ziren, prekarioak eta bizi-biziak lanari dagokionez, baina motibazioz eta gogoz beteta geunden, esku-hartze metodologiak probatu eta erabateko babesgabetasuna zegoen eremu batzuetan jarduteko.
Adibidez, konturatu ginen haurren artean babesgabetasun maila nahiko handia zegoela, eta zela bakarrik gizartekoa: familiakoa ere bazen. Horregatik, funtsezkotzat jo genuen ardatz hori, familiarena, jorratzea. Erakundeek eta batez ere Gasteizko Udalak normalizazio-prozesu bat gauzatu zuten adingabeei zuzendutako arretaren arloan, eta adingabeak artatzeko etxeak lizitazio bidez esleitu ziren. Gazteak ginen eta mundu horretan oso sartuta geunden; horrela joan ginen programak garatzen eta gure egiturak eta funtzionaltasuna handitzen.
Gure espezialitateetatik abiatuta, esku-hartze eremu jakinetan zeuden beharrizanak hauteman eta metodologia zehatzak aplikatzen saiatzen ginen, baina betiere, oso ikuspegi inklusibotik, herritar horiekin lan egiten genuenean.
Erakunde gisa hazten joan ahala, kudeaketa-prozesuetan jarri behar izan genuen arreta, eta hori ez zen batere erraza izan. IRSE ARABA lizitazioen eta Gasteizko Udalarekin sinatutako hitzarmenen bidez hazi zen, nagusiki. Argi eta garbi, gure ezagutzaren bidez ekarpena egin eta zeuden arazoei behar bezala ekin eta aurre egiteko gai izango ginela uste genuen lizitazioetara bakarrik aurkezten ginen.
Eskaintzen dituen zerbitzuak eta programak finkatzen saiatu da IRSE ARABA, baina, baita, aldi berean, lanak eta langileak ondo aukeratzen ere, ekarpen metodologikoak egiteko eta etengabeko hobekuntza sustatzeko. Bestalde, garrantzitsua da azpimarratzea harreman ona dugula erakunde guztiekin, oro har; Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren menpe dauden programak kudeatzen ditugu, eta batzuekin eta besteekin izandako elkarrizketen bidez, profesionaltasunez lan egiten duen erakundea garela aitortu dute.
Alabaina, lehen esan bezala, IRSE ARABAk arreta handiagoa jarri behar izan dio kudeaketari. Zehazki, kudeaketa ekonomikoan, gurekin lan egiten duten pertsonen kudeaketan eta metodologiaren, esku-hartzearen eta lantaldeak osatzeko moduaren kudeaketan zentratu behar izan dugu.
Horri guztiari esker iritsi gara orain gauden tokira. José Mardones kaleko pisu txiki batean hasi ginen, eta handik Errekatxikiko lokal batera egin genuen salto. Bertan, lan egiteko egokiagoa zen bulego bat zegoen, eta, horrela, gutxinaka-gutxinaka, hazten joan gara, orain gauden tokira iritsi arte. Gaur egun dugun egoitzak erakusten du egungo gizartearekin bat gatozela (ekologia, gardentasuna, ikuspegi irekia).
Horrez gain, azpimarratzeko modukoa da proiektu guztiak izan direla orokorrak; hau da, denak egon dira hiri osoari zuzenduta. Horretarako, beti erabili izan dugu beharrizan handiena duten auzo edo eremuetan arreta handiagoa jartzen duen sistema integral bat.
Bestalde, IRSE ARABAk izan duen kezka nagusietako bat izan da gure langileak ahalik eta baldintza onenetan egotea, hala lanari, nola prestakuntzari dagokionez.
Gaur-gaurkoz, zein proiektu duzue esku artean?
Gizarte- eta hezkuntza-arloaren barruan, bi eremu handitan sailkatzen da gure lana. Batetik, haurrekin, nerabeekin eta batzuetan beren familiekin egiten dugun lana dago. Familiak zaintzeko, kale-hezkuntzako, inklusioko eta justiziarekiko lankidetzako zerbitzu eta programak garatzen ditugu lan-ildo horretan. Ildo berean, etxe funtzionalen edo abegi-etxeen zerbitzu berria ere azpimarratu behar da; bertan, hainbat hezitzaile espezializatuk osatutako talde batek artatzen ditu haurrak eta nerabeak.
Haurren babesaren eremu horretan, etxe funtzionalen kasuan, adibidez, hasieran egiten ziren lizitazioak Udalaren eskumenekoak ziren; orain, aldiz, Aldundiaren menpe daude.
Modu gatazkatsuan dibortziatu diren pertsonei prestakuntza eta akonpainamendua emateko programak ere baditugu. Hemen Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko familia-elkargune bat ere badaukagu, eta guk kudeatzen dugu. Hori bera gertatzen da zaintzapeko askatasuneko neurrien zerbitzuarekin. Eusko Jaurlaritzarena da eta prozesu judizialetan sartuta dauden gazteei dago zuzenduta.
Bestetik, helduekin laneratzearen eremuan egiten dugun lana dago. Ildo horretan, hainbat laneratze-enpresa sortu ditugu: ZABALTEGI (ostalaritza-zerbitzuak ematen ditu), GARBINGURU (ingurumen-zerbitzuak ematen ditu) eta AMAYA DIGITAL (kalitate handieneko inprimatze-zerbitzuak ematen ditu).
Enpresa horiek guztiek beren ekonomia propioa sortu behar dute, eta ez da lan erraza. Orain, esaterako, arazoak dauzkagu kafetegiekin, pandemia-egoera honetan, defizitarioak baitira.
Gure motibazioa beti izan da interesdunak lan- edo hezkuntza-munduan txertatzeko prozesuak garatzeko aukera emango diguten hobiak aurkitzea, betiere estrategia profesionalen bitartez.
Gaur-gaurkoz, erabiltzaileek erakundea sortu genuenean zeuzkaten arazo berdinak dauzkate, eta dena eratortzen da gizarteratze faltatik.
Denborarekin, ikasi dugu begirada askoz irekiagoa, inklusiboagoa eta permisiboagoa izaten beste errealitate batzuekiko, baita giza eskubideen funtsarekin geratzen ere. Gizartean egon diren aldaketei egokitzen joan gara. Hala ere, egungo taldeek sortzaileek zuten bokazio berdina dute oraindik ere.
Nola eragin dizue pandemiak?
Hasieran ez zegoen ez jarraibiderik, ez irizpiderik, ez protokolorik. Ez genekien zer egin. Hala ere, koordinatzaile eta arduradunok argi genuen ezin geniola zerbitzua eta arreta emateari utzi.
Hortaz, pandemia-aldi honetan, zerbitzua ematen jarraitzera bideratu ditugu esfortzu guztiak. Hezitzaileek etxerako bisitak egin dizkiete haurrei, eta saiatu dira beren lana ahalik eta ondoen egiten. Gure kezka nagusia zen haurrekin harremanetan jarraitzea, edozein modutan, telefonoz edo parkean geratu eta beraiekin hitz eginez. Nola jarrai dezakegu haur horiek artatzen beren egoerak okerrera egin ez dezan? Nola eman are arreta gehiago pandemia bete-betean?
Konfinamenduekin, asko zaildu da hori guztia. Haurrak konfinatuta, hezitzaileak konfinatuta eta osorik ordezkatu behar izan ditugun taldeak egon dira. Halaber, PCR probak izapidetu behar izan ditugu, eta epidemiologia sailarekin harremanetan egon. Eta hori guztia aldi honetan egin behar izan dugun kudeaketa-lana aipatu ere egin gabe.
Zer ematen dio Aisak IRSE ARABAren pareko erakunde bati?
Aisak ekarpen handia egiten digu; izan ere, gure kezka handienetako bat da IRSE ARABArentzat eta IRSE ARABArekin lan egiten duten pertsonen ongizatea bermatzea. Horrexegatik parte hartzen dugu Aisa sarean.
Halaber, interesgarria iruditzen zaigu beste erakunde batzuekin harremanetan egotea, batez ere aholkuak eskatu eta lan-harremanen arloan puri-purian dauden gaien jakitun egoteko.
Arabako erreferente garen neurrian, lider ere bagara. Lidergo hori ez da esplizitua, baina antzeman egin daiteke. Aspaldian egin genuen apustu berme guztiekin lan egitea ahalbidetuko zigun egitura baten alde. Sektore honetako langileen eskubideak defendatzeko AISA edo antzeko sareak sortzea ikuspegi horren baitan sartzen da.
Lan-arloko metodologiak indartzeko espazio bat da, erakundearekin harremanetan egoteko bide gehiago ematen dituena, sindikatuez gain. {0>Que sea AISA también un espacio hacia fuera<}0{>Izan dadila AISA kanpora begirako espazio bat ere.