Gizaide Fundazioari elkarrizketa

Martxoko elkarrizketarako, Gizaide Fundazioak ateak ireki dizkigu, eta Onintza Lasa zuzendariarekin hitz egiteko aukera izan dugu. Osasun mentalaren eta pertsonen zaintzaren alorrean egiten duten lan garrantzitsua hobeto ezagutzeko aukera ona izan da.

Gizaide eta antzeko erakundeak ezinbestekoak dira pertsonen inklusiorako eta duintasunerako. Haien lana hobeto ezagutu nahi baduzu, jarraitu irakurtzen.

Azalduko diguzu nola sortu zen Gizaide, nolakoa izan den haren ibilbidea urte hauetan eta zein lan-ildo nagusi dituen?

Gizaide Fundazioa 1997an sortu zuten Caritasek eta Angeluko Mariaren Zerbitzarien eta Salestarren kongregazioek. Bazterketa-arriskuan zeuden, kalean bizi ziren eta patologia mentalak zituzten emakumeei babesa emateko helburuarekin sortu zen, baita eskolan porrot egiten zuten gazteak prestatzeko ere.

Hasiera batean, emakumeen arreta-zentroa Intxaurrondo auzoko 1. zenbakian kokatu zen, bertan baitu egoitza Angeluko Mariaren Zerbitzarien erlijio-kongregazioak; haiek artatzen zituzten zuzenean laguntza-eske joaten ziren erabiltzaileak. Horrez gain, duela hamar urte arte haiek arduratzen ziren fundazioa kudeatzeaz.

Gizaiden beti egin dugu lan gertutasunetik, txikitik eta nuklearretik: horrela hasten eta egiten dira gauzak gizarte-esparruan.

2009tik aurrera eguneko zentro bat sortu zen, eta lehen hitzarmena sinatu zen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.

Une honetan, Gizaide Fundazioak ikuskaritza zorrotzeko harrera-etxe bat du Donostian, 13 plazarekin 18 eta 64 urte arteko emakumeentzat, baita ikuskaritza txikiko harrera-etxe bat ere, 18 eta 64 urte arteko emakumeentzako bost plazarekin.

Donostian ere badugu eguneko zentro bat, 18 eta 64 urte arteko gizon eta emakumeentzako 22 plazarekin, errehabilitazio psikosozialerako. Zentroan hainbat tailer terapeutiko antolatzen dira, eta erabiltzaileen gaitasun kognitiboak lantzen dira.

Gainera, Andoainen tutoretzapeko pisu bat dugu 4 pertsonarentzako espazioarekin, 18 eta 64 urte arteko gizon eta emakumeentzat.

Nola hurbiltzen dira erabiltzaileak lehen aldiz Gizaidera? Nolakoak dira Gizaideko harremanak eta egiten den lana?

Profila aldatu egin da urteekin, eta gaur egun ez da hainbeste kaleko pertsona hurbiltzen. Gizaidera hurbiltzen diren erabiltzaileek elementu bat dute komun: nahasmendu mental larria eta kronikoa dute diagnostikatuta.

Fundaziora hurbiltzeko modua ere aldatu egin da azken urteetan. Orain ospitaletatik eta osasun mentaleko zentroetatik etortzen dira: horiek eskaera bat egiten diote Aldundiari, eta hark Gizaidera bidaltzen ditu, pertsonaren beharren arabera.

Hala ere, hau azpimarratu nahi dut: kaletik ez etortzeak ez du esan nahi bizitoki finkorik dutenik. Hori esan ohi dut; izan ere, osasun mental ahula duten pertsonen kalteberatasunaren jatorria patologia eta gizarte-baldintzak dira. Hemen dauden pertsona askok ez dute bizitokirik, etxerik edo etxebizitzarik. Gainera, gehiengoek ez dute babeserako sare sozialik edo familiakorik.

Etortzen diren pertsonetako asko galduta daude, bakarrik sentitzen dira eta ez dute ulertzen gertatzen zaiena. Gizaiden horiei ahalik eta gehien laguntzen eta haien inguruan harremanen sare bat eratzen saiatzen gara. Haiekin lan egiten duten pertsona guztiek lan-ildo berdinari jarraitzen diote. Babes hori ez da soilik profesionala. Familiak eta gizarte-inguruneak funtsezko rola dute.

Oro har, erabiltzaile bat lehen elkarrizketara etortzen denean, eskatzen zaio erreferentziako pertsonekin etortzeko. Familiekin taldeko bilerak ere egiten ditugu. Zoritxarrez, erabiltzaile asko bakarrik daude. Hobekuntza-prozesuan sekulako aldea dago erreferentziako pertsonak dituzten eta babeserako sare sozial edo familiakorik ez duten pertsonen artean.

Horregatik, Gizaiden buru-belarri lantzen dugu loturen sorrera eta indartzea, erreferentziak izan ditzaten. Hitz egiteko, ilusioak eta ametsak edukitzeko. Pertsona asko ingurune zailetatik etortzen dira, eta leku berri honetan errespetua eta duintasuna jasotzen dituzte.

Boluntarioei begira ere hori da gure ikuspuntua. Ateratzeko, harremanetan jartzeko eta komunitatea osatzeko laguntza emozionala, jakiteko gizartearen barruan eskubideak eta betebeharrak dituzten pertsonak direla. Ezin dira gelditu soilik pertsona gaixoaren etiketarekin.

Gure taldean gizarte-langile eta -hezitzaileak eta psikologoak ditugu. Pertsona inguratzen duten erakunde guztien arteko koordinaziotik eta lankidetzatik abiatuta egiten dugu lan: osasuna, tutoretza-fundazioak, tutoreak eta gizarte-langileak. Espazio soziosanitarioko koordinazioa ere garrantzitsua da.

 

Gaur egun, zein proiektu ari zarete lantzen?

Parte-hartzea sustatzen dugu. Egiten ditugun jarduerak etengabe ebaluatzen ditugu. Parte hartzera animatzen ditugu, ahal den neurrian, egiten diren dinamikak euren gustukoak izan daitezen.

Osasun mental ahula duten pertsonen artean zaila da motibazioa lantzea. Zaila da gaixotasun mentala duten pertsonak ezaugarritzen dituen apatia hori alde batera uztea.

Adibidez, urteak daramatzagu arte-terapia tailerrak lantzen. Komunikatzeko gaitasuna lantzen dugu hainbat dinamikaren bitartez, gaitasun hori mugatua baita gure erabiltzaile askoren kasuan. Ez gara soilik ahoz komunikatzen. Mota horretako jarduerekin sentitzen eta pentsatzen dutena adierazi dezakete.

Tai ji tailer bat ere badugu. Zaila da gure gorputza kontrolatzea, eta tai ji praktikatzen duten pertsonak euren gorputzaz jabetzen dira eta mugimenduen kontrola hobetzen dute; hori mesedegarria da psikomotrizitateari begira.

Azken berrikuntzetako bat musika-terapia izan da. Harrigarria da ikustea nola ateratzen dituen musikak barruko amorruak eta sentimenduak.

Halaber, sinergiak ere asko lantzen ditugu, adibidez Tabakalerarekin edo Kukai dantza-talde ezagunarekin. Balio handia ematen diegu jarduera eta tailerrak antolatzen dituzten beste espazio batzuekiko harremanei. Komunitatean parte hartzeari.

Aldundiak diruz lagundu zuen beste proiektu eder bat barrearen gaia lantzen zuen pailazoen tailerra izan zen. Erabiltzaileek asko gozatu zuten. Guk ere gauzak egin genituen, eta esperientzia berriak probatu genituen haiekin. Bakoitzak bere buruari iseka egitea oso lan garrantzitsua da; gai bazara hori egiteko, norbaitek iseka egiten dizunean ez dizu axolako.

Orain beste proiektu bat aurkeztu dugu hainbat espazio berritzeko, eta gure asmoa da AUZOLANEKIN batera egitea.

Nolako eragina izan du pandemiak?

Egia esan, harrituta utzi gaitu erabiltzaileek pandemiari begira izan duten jarrerak. Baliteke horren arrazoia izatea dagoeneko ohituta zeudela mugimenduak mugatzera. Baina uste dut bizirauten ohituta daudelako izan dela. Haien borroka handiena barnekoa da, eta sufrimendu handiena barrutik dator.

Egia da nekagarria izan dela eta pertsonek familia eta ingurune soziala dutela, eta konfinamenduaren ondorioz ezin izan dutela horiez gozatu. Beldurra sentitu dute. Ez dute izan osasun-zerbitzu espezializatuetarako sarbidea, eta kutsatuak izan ditugu: ondorioz, protokoloak ezarri eta betearazi behar izan ditugu. Baina, bene-benetan, jokabide ona izan dute, eta lezio bat irakatsi digute.

Bestalde, beti egon gara harremanetan erabiltzaileekin. Konfinamenduan, harrera-pisuan, erabaki genuen etxeko aire zabaleko espazioak irekitzea, besteak beste, patioa. Adibidez, Andoaingo pisuan balkoiak ireki genituen aire zabalera irteteko.

Taldearen babesa eta ahalegina harrigarria izan da. Konfinamenduaren hilabete gogorretan gu ginen pertsona horien erreferentzia eta sostengua.

Eta, azkenean, martxoaren 5ean txertoa jarri zuten. Ilusioz beteta eta pozik zeuden. Egun handia izan zen bizi genuen urte gogorraren ondoren. Esperientzia gogor horrek agerian jarri du pertsonen irauteko gaitasuna, eta ahal genuen guztian lagundu dugu.

Pandemiak oztopatu egin du osasun-zerbitzu espezializatuetarako sarbidea.

Zer ematen dio Hedatzenek Gizaide bezalako erakunde bati?

Kontu horietatik gehien baloratzen duguna talde eta sare baten kide izatea da, eta elkar aberastea.

Bakoitzak bere errealitatea bizi du. Garrantzitsua da esperientziak partekatzea eta besteen errealitatea ezagutzea. Pertsonen arteko harremanez gain, erakundeen artekoak ere baloratzen ditugu. Topaketa- eta lan-puntu komunak bilatu behar dira. Banakakoak hobetzeko garrantzitsua da egiteko, ikusteko eta pentsatzeko moduak trukatzea. Besteek nola egiten duten jakitea.

Aurretik aipatu dudan moduan, Gizaiden sinergietan sinesten dugu. Pertsonei modu batean edo bestean laguntzeko egiten dugu lan, baina gure xedea berdina da. Niretzat garrantzitsua da informazioa transmititzea. Partekatzea oso garrantzitsua da.

Hobetu nahi baduzu zerbitzu eta laguntza hobea emateko, partekatu egin behar da, eta sarean lan egin.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario/a. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies